Garbigunea

Garbigunea etxeko hondakinak eta horiekin parekatu daitezkeen hondakinak gaika biltzeko zentroa da. Doakoa da. Herritarrek hara eraman ditzakete birziklatu edo berrerabili daitezkeen materialak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren mendeko Garbiker AB, SA enpresa publikoa arduratzen da Garbigunea ustiatzeaz, eta haren ardurapean egingo dira Garbiguneko ustiapen-lanak, Ustiapen Araudi honetan jasotzen diren aginduen arabera.

Busturialdean bi Garbigune daude. Horietako bat Gernika-Lumo eta Errigoiti artean dago, 1999ko urtarrilaren 18an ireki zuten eta 1.075 m2-ko azalera du. Langile bat du, eta 9 udalerriri ematen die zerbitzua; hala, 21.402 pertsona artatzen ditu. Beste Garbigunea Gautegiz Arteagan dago, 2000. urteko ekainaren 21ean ireki zuten eta 1.400 m2-ko azalera du. Langile bat du, eta 7 udalerriri ematen die zerbitzua; hala, 3.763 pertsona artatzen ditu.